Urtero, abuztuaren 31an, oso egun berezia ospatzen dugu. Izan ere, ‘Abuztuaren 31’ izeneko kalean kokatuta gaude, 1813an tropa portuges-ingelesak eragindako sutearen ondorioz zutik mantendutako kale bakarrean, alegia. Hiri osoa kiskali zuten soldaduek Donostian zegoen Napoleonen armada garaitzean.
Hiria kontrolpean hartu eta gero, soldaduek hiria arpilatu zuten eta emakume ugari bortxatu zituzten hiriari su eman aurretik. Trinitate kalearen alde bat baino ez zen salbatu, gaur egun ‘Abuztuaren 31’ izenez ezagutzen dena eta San Telmo museotik Santa Maria elizara eta portura doana.
Gure historian egun beltza da abuztuaren 31, baina donostiarrok oroitu egiten dugu urtero, hiria eta euren bizitzak berreraikitzeko borrokatu zuten hiritarrak omentzeko. Hori horrela, egunean zehar erasoa eta hiriaren suntsiketa gogoratzeko hainbat ekitaldi burutzen dira.
Dudarik gabe, eguneko momentu hunkigarriena ‘Abuztuaren 31’ kaleko argiak itzali eta kandelak pizten direnean gertatzen da, argi-zuzien azpian paseo zeremoniatsua gauzatzen baita.